Erabiltzaileen gunea Site del Profesorado

Elkartasun azoka eta Fabore enkantea

Urtea ongi bukatzeko, aurten ere elkartasun azoka antolatu dugu, baina zuen kolaborazioa behar dugu. Azoka abenduaren 19an eta 20an izanen da. Data horiek ailegatu bitartean, zinez eskertuko genizueke zuen etxeko zoko ilunak eta ez hain ilunak miatu eta ahaztuak dituzuen edo aspalditik erabiltzen ez dituzuen liburuak, hiztegiak, komikiak edota DVDak Eskolara ekarriko bazenituzte. Eskolan irakasten ditugun hizkuntzetariko batean baldin badaude, primeran, baina bertzenaz ere lasai demonio ekartzen ahal dituzue, eta atezainei utzi. Zenbatean salduko diren? Bada, prezioa zuek erabakiko duzue. Kontuan hartu bi egun horietan bilduko dugun dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde bati laguntzeko izanen da. Zeini? Bada, horretan ere baduzue zer errana. Testu honen akaberan aurkituko duzun formularioan zein GKEri laguntzea nahi zenukeen adierazten ahal duzue.

Zuek ekarritako gauzak ez ezik, “faboreak” ere enkantean paratuko ditugu. Alegia, nahi baduzue, zerbait eskaintzen ahal duzue (adibidez, norbaiti bizkotxo goxo bat egiteko errezeta irakasteko prest zaude); zuen fabore horri prezioa paratu, eta, norbaitek erosiz gero, diru hori ere GKEri joanen zaio (eta zuek erosleari bizkotxoaren errezeta irakatsi beharko diozue). Eta azokan txandaren bat egin nahiko bazenute, bikain. Hori ere inprimaki honetan adierazi behar duzue. Inprimakia betetzeko epea abenduaren 15ean bukatuko da. Esker mila gure ikasleak izateagatik eta gurekin kolaboratzeagatik.

Abenduko egutegia hemen da!

Abenduan sartzeko zorian gaude, eta abenduarekin batera hainbat ohitura eta tradizio berriz bizitzeko aukera izanen dugu: Olentzero etorriko zaigu, familiarekin elkartuko gara mahaiaren inguruan… Urte batzuk dira Iruñeko Hizkuntza Eskolan ere tradizio berezi bat martxan paratu dugula: Abenduko egutegia. Galdera batzuen erantzuna asmatuz gero, opari bat jasoko duzu Olentzero ailegatu baino lehen ere. Gehiago jakin nahi? Bada, hementxe dituzu behar dituzun azalpen guziak.

Azaroaren 25ean (eta gainerako egun guzietan) Iruñeko Hizkuntza Eskolan ez dugu emaztekien kontrako indarkeriarik onartzen.

Emaztekien kontrako indarkeria desagerrarazteko eguna ospatuko dugu azaroaren 25ean. Seguru gara Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean inor ez dagoela indarkeriaren alde. Begi-bistako kontua baita. Jendarte normal batean biziko bagina, segur aski gaia ez genuke aipatu ere egin beharko. Baina albisteak irakurtzen ditugu. Telebista ikusten dugu. Eta badakigu gauza batzuk argi eta ozenki erran behar direla. Horregatik, Eskola honetan argi eta ozenki erran nahi izan dugu gaitzetsi egiten dugula emaztekien kontrako indarkeria oro, borroka horretan ez dagoela aitzakiarik. Eta aurpegia ere eman dugu, bideo honetan ikusten ahal duzun bezala.

Hizkuntza inklusiboari buruzko mintzaldia.

Azaroaren 25ean Emaztekien Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dugu; Iruñeko Hizkuntza Eskola honetan –erran beharrik ez da baina badaezpada erranen dugu–, ez dugu emaztekien kontrako indarkeriarik onartzen. Horren kontra gauza anitz egiten ahal dira, bistan dena; gu hizkuntza zaintzetik hasiko gara, hizkuntza inklusiboa bulkatzetik hain zuzen ere. Horretarako, komenigarria da, lehenik eta behin, hizkuntza inklusiboa zer den, eta zein diren haren abantailak eta haren gaineko mitoak ezagutzea. Hori guzia ikasteko, Nerea Aguado aditua ekarriko dugu Eskolara azaroaren 21ean, hizkuntza inklusiboaren abantailaz eta mitoez mintzatuko zaiguna, eta erabiltzen hasteko gako batzuk emanen dizkiguna. Arratsaldeko 19:00etan, Areto nagusian izanen  da.

ARGAZKitzEN lehiaketa

Benidormetik etorri zen izebak egongelako apalategian paratzeko sevillana ekarri zizun opari? Hogei urte dituzun arren, Varón Dandy kolonia erosi dizute? Maite duzun pertsona berezi horrek munduko oparirik politena egin dizu? Hain gogoko zenuen aitatxik maitasun handiz eman zizuna gordea duzu baina ez dakizu non jarri? Geroago etsai bihurtu den lagun minaren opariak gorrotagarri bihurtu dira bat-batean? Berdin da, oparia edozein dela ere, orain duzu etekina ateratzeko aukera. Egiozu argazki bat, kontatu haren historia ikasten ari zaren hizkuntzan eta bidal iezaguzu. Ez dagoela argi? Bada, badaezpada, lehiaketa honen oinarriak hementxe dituzu.

Gau beltzeko galdetegia

Ohartzen ez garen arren, gure artean dabiltza. Euskara irakasle mozorropean sartu zaizkigu eskolara. Eskaileretan normal-normal agurtzen gaituzte. Baina auskalo gauez ez ote duten hilkutxa batean lo egiten, batek daki ilbetea dagoelarik ez ote diren gizotso bihurtzen. Guk dakigula, bi dira. Raibabelen odola, sorginak, txorimaloak, hiltzaile maskaradunak eta bertzelako izugarrikeriak mintzagai dituen podcast bat martxan paratu dute (hementxe aditzen ahal dena, bidenabar erranda). Orain, urriaren 31 hurbil dagoen honetan, Gau beltza ate joka dugularik, galdetegi bat prestatu digute, beldurrezko zinemari buruzko galdetegia, hain zuzen ere, urriaren 30etik azaroaren 2ra hementxe klikatuz gero egiten ahalko duzuena. Zu banintz, ni saiatuko nintzateke egiten, Irati filmaren hiru DVD zozketatuko baititugu irabazleen artean. Ikaragarria izanen da.