Erabiltzaileen gunea Site del Profesorado

Azterketen egutegia eta araudia non aurkitu.

Azterketak ate joka ditugu, eta inportantea da jakitea zein egunetan zein azterketa egin behar duzun, bai eta zein den ordu aldaketa eskatzeko eta azterketa errebisatzeko araudia ere. Zeregin horretan laguntzeko asmoz, informaziora ailegatzeko bidea gogorarazi nahi dizugu:

-Sartu gure web-gunean, eta klikatu “HIZKUNTZAK” paratzen duen tokian. Hor, hauta ezazu zuri dagokizun hizkuntza.

-Zabalduko zaizun orrian, hauta ezazu “Azterketak”.

-Eta zabalduko zaizun orrian, informazio inportante guzia aurkituko duzu: ikasle ofizial zein libreen azterketen egutegia, ordu aldaketa eskatzeko araudia eta probak berrikusteko eskatzeko araudia.

Franz Kafka 1924-2024

Kafka irakurtzea beti da ideia ona, edozein urtetan eta, itzulpena txukuna bada, edozein hizkuntzatan. Baina, hil zenetik ehun urte pasatu direla aprobetxatuta, Iruñeko Hizkuntza Eskolan gogora ekarri nahi izan dugu zeinen idazle zoragarria izan zen  den Franz Kafka, eta zer-nolako maisulanak utzi zizkigun.

Eta alemanez idatzi zuenez, normala da Aleman Departamentua bigarren solairuan ikusgai duzuen erakusketa prestatzeaz arduratu izana. Ez dakizula alemanez? Lasai, testu guziak alemanez ez ezik, euskaraz eta gaztelaniaz ere prestatu baititugu.

Kafkiarra zer den azalden duen panelaren ondoan, aleman ikasleek egiazko egoera kafkiar batzuk kontatu dituzte; zuk ere bat idazten baduzu ikasten ari zaren hizkuntzan, zozketatuko ditugun Kafkaren irudia daramaten hiru oihalezko poltsa bat irabazteko aukera izanen duzu. Paneletan dauden QRak eskaneatuz gero, informazio gehigarria eta quiz batzuk egiteko aukera izanen duzu (quizeko parte hartzaileen artean ere oihalezko poltsa batzuk zozketatuko ditugu).

Bertzalde, Eskolako baliabide gelan Kafkaren eta Kafkari buruzko liburu sorta ederra duzu ikusgai: Kafkak berak idatzi zituenak, Kafkaren biografia nagusiak, Kafkari buruzko saiakerak, bai eta komikiren bat ere. Baina guk kontatzea baino hobe da zu zerorri liburutegira joatea eta zure begiekin ikustea.

Lan handia egin dugu erakusketa hau prestatzeko, eta gustuko izatea espero dugu.

Poesia liburuen izenburuekin

Literatura pixka bat gustatzen bazaigu eta liburu artean denbora tarte batzuk eman baditugu, segur aski zer liburu irakurri ditugun ikusita asma liteke nolakoak garen. Ez da definitzen gaituen gauza bakarra, jakina, baina elkarren ondoan edo elkarren gainean paratuko bagenitu gustatu zaizkigun eta gustatu ez zaizkigun liburuak, irakurri ditugunak, erosi bai baina oraindik irakurri ez ditugunak eta noizbait erosi eta irakurri nahi genituzkeenak, juntatuko bagenitu biziki gomendatu ditugun liburuak eta basaki kritikatu ditugunak, bada, seguruenik gure potreta moduko bat aterako litzateke.

Apiril honetan, horixe eskatu nahi dizuegu guk ere, alegia liburuak elkartzea, bata bertzearen gainean paratzea, izenburuekin ustekabeko poesia sor dadin. Eta, akaso, sortuko den poesia hori zuen erretratu txiki bat izanen da. Edo ez. Baina, beti bezala, parte hartuz gozatzearekin batera, sari bat irabazteko aukera ere izanen duzu.

Meme-lehiaketa

Hizkuntza bat ikastea bide luzea izaten da, eta, aukeran, hobe da A1etik C2ra doan bidaia horretan ahalik eta hobekien pasa dezagun. Horretarako, tresna bikaina da umorea. 

Gure pentsamenduak oraindik ongi ezagutzen ez dugun hizkuntza batean adierazten saiatzen garenean, hamaika gaizki-ulertu irri-emangarri sortzen dira, eta, irri-emangarriak direnez, bada, horixe, irri egiteko aprobetxatu beharko genituzke. Meme bat eginez, adibidez. Euskaran ez dago proba eta froga bereizteko manerarik? Katarroa zenuen egun batean frantses klasera zergatik ez zinen joan azaltzeko j’étais constipé erran zenion irakasleari? Oraindik picsa deitzen diozu Italiako talo goxo horri? Bada, hortxe duzu meme bat sortzeko materiala eta, bidenabar, sari bat irabazteko aukera.

Zer egin behar duzun jakin nahi baldin baduzu, hementxe dituzu oinarriak. Anima zaitez, erraza da-eta.