Erabiltzaileen gunea Site del Profesorado

Literatura onetik zinema onera, eta buelta.

Hirugarren urtea da Nafarroako Filmotekarekin elkarlanean Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak Idatzia / Filmatua zikloan parte hartzen duela. Ohikoa den bezala, aurten ere lau film interesgarri ikusteko parada izanen dugu (laurak Eskolako irakasle banak aurkeztuak), eta, segur aski, emanaldiaren ondotik, bat baino gehiago animatuko dira pelikularen oinarri izan den liburua hartzera eta irakurtzera. Nahi izanez gero, Nafarroako Liburutegian hartzen ahalko dira liburu horiek (Miren Gorrotxategiren 33 ezkil, Friedrich Dürrenmatten Das Versprechen, Giorgio Bassaniren Il giardino dei Finzi-Contini, John Fanteren My Dog Stupid), baina ez ahaztu Eskolan ere Baliabide Gela zoragarria dugula eta liburu horiek guziak jatorrizko bertsioan aurkitulu dituzuela haren apaletan. Bide batez erranda, Baliabide Gelako txartela erakutsiz gero, bi euro ordainduko duzue Filmotekako emanaldietan, ohiko hiruren ordez. Abantailak bertzerik ez baitu gure Baliabide Gelatik pasatzeak!

Emakumearen eguneko lehiaketa.

Maiz, ohartu gabe egiten dugu: historia erraten dugularik, gizonen historia erran nahi izaten dugu, edota kirola, musika edo literatura erraten dugularik, gizonen kirola, musika edo literatura erraten ari gara. Ez nahitaez asmo gaiztoz. Baina baita, batzuetan, asmo gaiztoz ere.

Kontua da aunitz direla emakume izate hutsagatik azpiratuak, atzenduak, baztertuak gelditu diren emakumeak; orobat, emakumeen askatasunerako bidean mugarri izan diren data eta gertakari ugari bigarren planoan gelditu dira, eta ez dira mereziko luketen bezain ezagunak.

Hizkuntza Eskolan prestatu dugun quiz honekin, ikasten ari zaren hizkuntza praktikatzeko aukera emateaz gainera, emakume, data eta gertakari horietako batzuk gogora ekarri nahi izan ditugu. Eta, jakina, galdera guziak asmatzen dituztenen artean, 50na euroko hiru bono zozketatuko ditugu. 

Martxoaren 6tik 22ra (biak barne) duzu quiza egiteko epea; eta bonoaren irabazleei martxoaren 27an mezu bat igorriko zaie. Quiza non dagoen? Klikatu hementxe.