Erabiltzaileen gunea Site del Profesorado

Euskal Kultura Astea

Iaz ez genuen egin, baina aurten bai. Aurten, Euskal Kultura Astea antolatu dugu zuendako, martxoaren 11tik 14ra. Lau egun horietan, denetarik egiteko aukera izanen dugu: bi emazteki zoragarrirekin irri ajataka aritzeko; film eder bat ikusteko eta, bidenabarkoan, zuzendariarekin eta aktore batekin solasean aritzeko; irratsaio bat zuzen-zuzenean ikusteko eta, nahi izanez gero, parte hartzeko; eta Irulegiko eskuaz zerbait ikasteko. Izan ere, horretarako ari gara euskara ikasten: hizkuntzarekin gozatzeko. Ez da hala?

Egitarau osoa ikusteko, klikatu hementxe.

English Immersion Weekend

Ingelesa ikasten ari bazara, orain arte ikasitakoa praktikatzeko aukera paregabea duzu Ingeles Departamentuak prestatu duen jarduera honekin. Asteburu batez, joan zaitez Bakaikura irakasle batzuekin eta zu bezala ingelesa ikasten ari diren bertze ikasle batzuekin: ikasgelatik atera eta ingelesa modu natural eta dibertigarria praktikatzeko parada izanen duzu. Asteburua apirilean izanen da, baina matrikula orain, otsailaren bukaeran, egin behar da. Begira itzazu baldintzak eta eskakizunak hemen. Anima zaitez parte hartzera.

Euskara hobetzeko eta praktikatzeko aukera, Estellerritik mugitu gabe.

Euskara ederki eta atsegin handiz ikasi ondotik, batzuetan kosta egiten zaigu norekin praktikatu aurkitzea. Eta norekin solasean aritu izanen genukeen tokietan, maiz dena azterketak egiteko eta titulua lortzeko dago prestatua. Euskaraz pixka bat edo asko baldin badakizu (B1 mailatik C1 mailara doan tarte horretan hor nonbait baldin bazaude), eta azterketaren presiorik gabe gure hizkuntza praktikatu nahi baduzu; zure helburua baldin bada noizbehinka izaten dituzun zalantza horiek argitzea, edo oraindik kalean euskaraz mintzatzeak ematen dizun lotsa gainditzea; eta, gainera, Estellerrian bizi baldin bazara, orduan zuretako ezin aproposagoak dira Hizkuntza Eskolak prestatu dituen moduluak. Matrikula otsailaren 1etik 5era, online, esteka honetan. Anima zaitez, eman izena.

Iruñeko Hizkuntza Eskolako 12. kultura zikloa (urtarrilaren 29tik otsailaren 8ra)

Heldu den astetik hasita, Eskolako 12. kultura zikloa izanen dugu. Hizkuntza ofizialek eta ez ofizialek jarduerak antolatu dituzte, gure Eskolari bertzelako koloreari emateko. Bertzeak bertze, yoga japonieraz praktikatzeko, irakurraldi musikatu bat euskaraz aditzeko, mintzaldi bat italieraz entzuteko edota musikaz frantsesez gozatzeko aukera izanen duzu zortzi egunez. Jarduera, ordutegiak eta datu guziak jakin nahi? Bada, azter ezazu ongi zikloaren AGENDA, HEMENTXE duzu eta. Eta ez ahaztu, yoga japonieraz egin nahi baduzu, inprimaki bat bete behar duzula (lotura agendan berean dago).

IHEOko hizkuntza ez ofizialak.

Eskaintza ederra dugu Iruñeko Hizkuntza Eskolan: alemana, euskara, italiera, ingelesa, frantsesa. Baina baliteke horiek ez izatea oraintxe berean ikasi nahi zenituzkeen hizkuntzak. Baliteke bertzelako hizkuntzak ikasi nahi izatea: japoniera, txinera, espainola, arabiera, portugesa… Bada, orain duzu aukera, urtarrilaren 29an hizkuntza horietako ikastaroetan izena emateko epea zabalduko baita. Astean bitan, Iruñeko erdialdean, eta irakasle motibatu eta eskarmentudunekin. Ezin da gehiago eskatu. Eman ezazu izena.

Tailerrak, mintzataldeak, irakurle klubak.

Hizkuntza bat ikasi ondotik edo ikasi bitartean, hizkuntza horretan idatziriko liburuak edo komikiak irakurtzen ahal ditugu patxadaz gure gelan; edo filmak eta telesailak ikusi, azpitituluak itzalita edo, piztuak badaude, azpititulurik ez irakurtzen saiatuz; eta zerbait idatzi nahi badugu, denbora (eta hiztegia) hartu eta azkenean lortuko dugu. Baina mintzatzea, hori bertze kontu bat da. Aldi berean solasak eta erramoldeak burura ekarri behar ditugu, esaldia osatu, ahoa zabaldu edo ezpainak estutu arrotzak zaizkigun hotsak ahalik eta hobekien ahoskatzeko. Ez dira gauza guti, eta horregatik behar-beharrezkoa da praktikatzea. Eta praktikatzeko, non hobeki Iruñeko Hizkuntza Eskolako mintzatalde, irakurle klub eta tailerretan baino? Bila ezazu zure mailara eta beharretara hobekien egokitzen dena, eta ez zaizu damutuko! Matrikulatzeko epea urtarrilaren 29tik otsailaren 9ra.

Elkartasun azoka eta Fabore enkantea

Urtea ongi bukatzeko, aurten ere elkartasun azoka antolatu dugu, baina zuen kolaborazioa behar dugu. Azoka abenduaren 19an eta 20an izanen da. Data horiek ailegatu bitartean, zinez eskertuko genizueke zuen etxeko zoko ilunak eta ez hain ilunak miatu eta ahaztuak dituzuen edo aspalditik erabiltzen ez dituzuen liburuak, hiztegiak, komikiak edota DVDak Eskolara ekarriko bazenituzte. Eskolan irakasten ditugun hizkuntzetariko batean baldin badaude, primeran, baina bertzenaz ere lasai demonio ekartzen ahal dituzue, eta atezainei utzi. Zenbatean salduko diren? Bada, prezioa zuek erabakiko duzue. Kontuan hartu bi egun horietan bilduko dugun dirua Gobernuz Kanpoko Erakunde bati laguntzeko izanen da. Zeini? Bada, horretan ere baduzue zer errana. Testu honen akaberan aurkituko duzun formularioan zein GKEri laguntzea nahi zenukeen adierazten ahal duzue.

Zuek ekarritako gauzak ez ezik, “faboreak” ere enkantean paratuko ditugu. Alegia, nahi baduzue, zerbait eskaintzen ahal duzue (adibidez, norbaiti bizkotxo goxo bat egiteko errezeta irakasteko prest zaude); zuen fabore horri prezioa paratu, eta, norbaitek erosiz gero, diru hori ere GKEri joanen zaio (eta zuek erosleari bizkotxoaren errezeta irakatsi beharko diozue). Eta azokan txandaren bat egin nahiko bazenute, bikain. Hori ere inprimaki honetan adierazi behar duzue. Inprimakia betetzeko epea abenduaren 15ean bukatuko da. Esker mila gure ikasleak izateagatik eta gurekin kolaboratzeagatik.