Pasatu da dagoeneko Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean matrikulatzeko epea, baina horrek ez du erran nahi kanpo gelditu behar duzunik. Tokia badugu oraindik, eta agian hau da aspalditik gustuko duzun hizkuntza hori ikasten hasteko edo segitzeko.
Hizkuntza guzietan tokia bada, eta, urriaren 9tik azaroaren 15era bitarte, interesatua dagoen edonork izena ematen ahal du. Ez da aldez aitzinetik inolako aurreinskripziorik egin behar. Etorri Hizkuntza Eskolara, eta matrikula di-da batean eginen duzu. Geroago ere izanen duzu aukera: abenduaren 11n online matrikulatzeko eguna da, eta jakin ezazu abenduaren 16tik 2025eko martxoaren 31 artio edozein unetan izena ematen ahal duzula. Baldin eta tokirik badago. Nik ez nuke hainbertze esperatuko, eta orain zabaltzekoa den epean matrikulatuko nuke. Badaezpada ere.
Ikusiko duzu gurekin ikastea arrunt guti kostatzen dela. Anima zaitez eta etorri Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialera. Zure zain gaude.