Gustuko dugu aurten martxoaren 8ko leloa: “Ez zaitzatela nahasi… gezur matxistekin”. Ezin adosago gaude mezu horrekin Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialean. Gezurrak eta iruzurrak nonahi dabiltzan garai nahasi honetan, gure adimena zorroztu egin behar dugu, ziria sartu ez diezaguten, eta erne ibili behar dugu gezur matxistei gogor egiteko. Izan ere, munduan barna, urrun eta hurbil, boterea eskuratzen ari diren edo eskuratu nahi duten batzuk gezur matxistak ari dira hedatzen barra-barra, eta emaztekiak gizonaren menpe nahi dituzte, bigarren mailako. Hizkuntza Eskolan ez dugu horrelako gezurrik nahi, ez dugu horrelako jarrerarik onartzen.
Gogoko ez duguna salatzeko tenorea den bezala, gustatzen zaiguna ospatzeko unea ere bada martxoaren 8a. Horregatik, Eskolan galdetegi bat prestatu dugu, emaztekien historiaren gaineko hainbat datu eta informazio interesgarri biltzen dituena. Maiatzaren 10etik 21era izanen duzue ikusgai, eta galdera guztiak asmatzen dituztenen artean zozketa egin eta 50 euroko bonuak banatuko ditugu. Galdetegia egiteko, klikatu hemen.