Dakizun bezala, bortz dira Iruñeko Hizkuntza Eskolan manera ofizialean irakasten ditugun hizkuntzak: alemana, euskara, frantsesa, ingelesa eta italiera. Baina, beharbada, dagoeneko guziak ikasi dituzu eta bertze zerbaiten bila zabiltza. Edo horietarik bat ikasten ari zaren arren, gustura hasiko zinateke bertzelako hizkuntza bat ikasten. Edo baliteke gure bortz hizkuntza ofizialek zu ez erakartzea. Edo akaso duela guti etorri zara Iruñera eta gaztelaniaz hobeki egin nahi zenuke. Edo…
Arrazoiak milaka izaten ahal dira Hizkuntza Eskolan manera ez ofizialean irakasten ditugun hizkuntzak –arabiera, gaztelania, japoniera, portugesa eta txinera– ikasteko, baina guk bi gehituko ditugu: zinez ederrak dira bortzak; eta zinez motibatu, gogotsu eta ongi prestatuak dira hizkuntza horiek irakasten dituzten irakasleak. Urriaren 7an hasiko da lehen lauhilekoko tailerretan izena emateko epea. Nik ez nuke aukera galduko. Gainera, gero erraten ahalko duzu mainstream bihurtu baino lehen hasi zinela zu hizkuntza horiek ikasten.