Redacción: Karrikiri
Carme dio una conferencia en nuestra
Escuela el 13 de diciembre
"Qué bueno es aprender varias lenguas"
fue el título de su disertación.
En la foto vamos a Carme junto al director
de la EOIP, Patxi Telletxea
|
Pasa den abenduaren 12an eta 13an gurekin izan genuen. Bai gustura
aditu genituela bere hitzak! Karrikiri elkarteak elkarrizketa eder
hau egin zion urtarrileko KARRIKA aldizkarian. Hagitz interesgarria
iruditu zitzaigun eta gure eskolako aldizkarira ekarri nahi izan
dugu. Hemen dituzue beraz Carmenen gogoeta interesgarriak ...
Carme Junyent Filologian doktorea da eta Hizkuntzalaritza Orokorra
irakasten du Bartzelonako Unibertsitatean. Hamar liburu eta ehunka
artikulu eta ikerketaren egilea da, eta UNESCOk babesten duen Munduko
hizkuntzei buruzko txostena aurrera eramaten ari den taldeko
kidea ere. Honez gain, 1996. urtean plazaratu zen Hizkuntza Eskubideen
Deklarazio Unibertsala gauzatzeko lanetan ere ibili zen, Adituen
Batzordean hain zuzen.
1.- CONTRA LA PLANIFICACIÓ (Editorial Empúries;
Bartzelona, 1988) LIBURUAN ESATEN DUZUNAREN ARABERA, BA OMEN DAUDE
LEHEN ETA BIGARREN MAILAKOTZAT JOTZEN DIREN HIZKUNTZA GUTXIAGOTUAK.
NOLA LAGUNDU DEZAKE HIZKUNTZA EKOLOGIAK DESOREKA HAU ZUZENTZEN?
Hizkuntza ekologia anitzasunaren kontzeptu batetik dator. Kontzeptu
horren arabera, hizkuntza guztiak aldi berean hizkuntzen dibertsifikatze
naturalaren prozesuaren emaitza eta hizkuntza kodea eratzeko aukeren
adierazpen paregabeak dira. Horrek esan nahi du, alde batetik, giza
mintzairaren batasun sakona dagoela eta ondorioz, bere adierazpen
guztien berdintasuna ere adierazten du. Bestalde, horrek berekin
dakar hizkuntza bakoitza aniztasun linguistikoa den osotasun horren
zati bat dela kontsideratzea. Kontzeptualizazio hau hizkuntzen hierarkizazioarekin
bateraezina da, hizkuntza bakoitza behar-beharrezkoa baita. Hizkuntza
ekologiaren inguruko ikerketak bai hizkuntzen berdintasuna eta bai
hizkuntza guztien beharra dugula frogatu dezake eta beraz, herriei
informazioa eta argudioak eskain diezazkiekegu hauek guztiak kontuan
hartuta jardun dezaten.
2.- NOLA EGIN AURRE MUNDUAN INGELESDUN KOMUNITATE HAIN BOTERETSUA
EGOTEAREN ONDORIOEI? NAZIOARTEKO HIZKUNTZA LAGUNGARRIEK (ESPERANTOK,
ESATE BATERAKO) BETE LEZAKETEN EGINKIZUNEAN SINESTEN AL DUZU?
Ingelesaren hedapenak bereizi beharreko bi alderdi ditu, gutxienez.
Alde batetik, funtzio jakin batzuetan hizkuntza lagungarri gisa
izan dezakeen erabilera; bestetik, bere hizkuntza ingelesaz ordezkatzen
duten hizkuntza komunitate askotan gertatzen den ezarpena dago:
kasu horietan, ingelesa lehen hizkuntza bilakatzen da.
Lehen aldeari dagokionez, ingelesak lingua francaren
funtzioa bete lezake hizkuntza komunitate anitzen artean, ezaguera
zabaltzeko tresna gisa edo. Horrek, hasiera batean, hizkuntza aniztasunaren
babesari ez lioke trabarik jarriko. Hala ere, ingelesaren erabilera
instrumentalak arrisku bat dakar -eta hau argiki suma daiteke zientzia,
teknologia, artea eta horrelako hainbat eremutan-: ordezkatzeko
funtzioa betetzearena, hots, eremu hauetan egiten diren ekarpenak
ingelesetik egin daitezela, beste kultura batzuen ezaugarriak baztertuz.
Horren ondorioa da aipatu eremuen garapenari murrizketa nabarmena
jartzea.
Bigarren aldeari dagokionez, hizkuntza ordezkapena, ingelesa beste
zenbait hizkuntzarekin batera eragiten ari da hizkuntza aniztasunaren
aurkako indar suntsitzaile gisa eta, zentzu horretan, erantzunak
ez du izan behar ingelesaren zabalkuntzaren aurka bakarrik, baizik
eta kultur homogeneizatzearen prozesuaren aurka, bere osotasunean
hartuta.
3.- NOLA SENDOTU LITEKE HIZTUN ELEBIDUNEK BERE HIZKUNTZA GUTXIAGOTUARI
DIOTEN ATXIKIMENDU ETA LEIALTASUNA? ETA EUSKARAREN KASUAN?
Prestakuntza eta informazioa ezinbestekoak direlakoan nago. Denok
kontziente izan behar dugu hizkuntza aniztasunaren balioaz eta,
hizkuntza gutxiagotuen hiztunen kasuan, zera hartu behar dugu kontuan:
gizateriaren aurrerapenari ekarpen sortzailea egin nahi badiogu,
gure hizkuntz eta kultur ondarea denon aberastasunean eta emankortasunean
lagundu dezakeen ekarpen paregabea da. Baina, aldiz, gure ondarea
beste batez ordezkatzen badugu, suzedaneo edo ordezko bat besterik
ezin dezakegu eskaini. Garbiago esateko, gure ondarea beste batez
ordezkatzea Egiptoko piramideak parke tematiko batez ordezkatzea
bezala izango litzateke.
Argudio berak balio du euskarari dagokionez ere, baina kasu honetan
gauza bat gehitu daiteke: genetikoki isolatutako hizkuntza izanik,
bere ekarpena jatorrizkoa eta bakarra da.
4.- EUSKAL HERRIAN GARATU DEN SOZIOLINGUISTIKAREN ILDO NAGUSIAK
EZAGUTZEN AL DITUZU? NOLA BALORATZEN DITUZU?
Ez ditut sakonki ezagutzen, baina bi puntu azpimarratu nahi nituzke.
Lehenbizi, orain arte jasotako emaitzen arabera pentsa liteke euskara
gizateriaren historian berreskuratu den bigarren hizkuntza izan
daitekeela, hebraieraren ondotik, eta, ondorioz, prozesu hau oso
eredu erabilgarria izan daiteke bere hizkuntza suspertu nahi duten
beste komunitateentzat. Bigarrenez, nik uste hizkuntzaren berezko
erabilera ahalbidetzen duten hainbeste proiektu dinamizatzaile garatu
izanak (berreskuratzearen oinarriak hezkuntzan eta legeetan soilik
ez utziz) hizkuntzaren bizitzarentzat ezinbestekoa dena -transmisioa
eta erabilera- oso ongi ulertzen dela islatzen duela. Hau ez da
batere ohikoa hizkuntz plangintzen proiektuetan eta esportatzeko
moduko eredua dela iruditzen zait.
|