.Mintzakide egitasmoa, baita Hizkuntza Eskolan ere

imagen

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Mintzakide egitasmoa iaz hasi eta arrakasta handiz bideratu zen. Urrian heldu zitzaion bigarren edizioari. Zer moduz doaz prestaketa lanak? Zer planteamendu egin duzue 2. urte honetarako?

Egia esatearren prestaketa lanak edo matrikulazio garaia oso ongi bideratzen ari da. "Ze berri" aldizkarian atera eta hurrengo egunetan jendea aritu zen deika etengabe informazio eske. Iazkoa entzuna zuten nonbait eta ez omen zuten aurtengo aukera pasatzen utzi nahi.

Matrikulazio epea urriaren 3an hasi eta 28an bukatzen da. Beraz azken egunak dira. Jendeari oroitarazi nahi diot garrantzitsua dela epearen barruan izena ematea, jasotako fitxetatik eta datuetatik abiatuta taldeak osatuko baititugu. Geroan ere programan sartzeko aukera izango dute, baina eginak dauden taldeetan integratuko ditugu datozen mintzakide eta laguntzaile berriak.

Batez ere animatu nahi ditut BURLATA, ATARRABIA, UHARTE, BERRIOZAR eta BARAÑAINgo lagunak. Taldeak Iruñerria osoan atera nahi ditugu eta jakinarazi nahi diegu, bereziki.

Aurten gainera, esan beharra dago herri gehiagotara zabaldu dugula egitasmoa. Iazkoez gain (Burlata, Atarrabia, Uharte, Barañain, Berriozar, Iruñeko auzo guztiak ) aurten Orkoien-Oltzako zendea, Etxauri-Bidaurretako udalak eta Antsoaingoak animatu dira. Hurbil hurbildik Zizur eta Aranguren- goak datoz.

Ahaztu gabe Etxarritik, Lizarratik heldu zaizkigula eskaerak.

Planteamendua iazkoaren antzekoa, zenbait desberdintasunekin.

Aurten Mintzakide programak ikasturte kutsu handiagoa izango du: azaroan hasi eta maiatzera arte luzatuko dugu, 23 saio osotara. Zenbait atseden tartekatuko ditugu (festa egunak) eta hiru hilabetetan behin afaltzeko edo zerbait berezia egiteko elkartuko gara, mintzakide talde guztiok elkar ikusteko eta egoteko aukera, iaz egin ez genuena.

Berrikuntza bezala aurten atera dugun pina, mintzakideon ikur bihurtu nahi duguna, euskaraz egiteko prest gaudela adierazten duena. Gure logo ttipia.

Kurtsoari bukaera emateko Mintza eguna antolatuko dugu, beste mintza egitasmoetako partaideekin batera irteera edo txangoa egingo dugu ekaina partean.

Esan bezala urtebeteko esperientzia duen proiektua da. Oraindik ezagutzen ez duen lagun bati nola azalduko zenioke zer den Mintzakide?

Bati baino gehiagori esan diodana. Mintzakide proiektu handia bezain xumea da.

Zu eta biok elkartzen garenean eta euskaraz hitz egiten dugunean mintzakide programa errealitate bihurtzen ari gara. Hori baino ez da behar. Bi lagun gutxienez eta euskaraz mintzatzeko gogoa.

Euskaltegietan urte dexente ematen ditugu ( euskaldunberriok ) eta azkenean kalera ateratzeko beharra nagusitzen da, lagun euskaldunak ezagutu eta formala ez den euskaraz komunikatu.

Mintzakide programak hori eskaintzen du: lekuak, lagunak, ordutegiak, proposamen irekiak, nahi adina jarduera.

Zein motako laguni bideratuta dago? Zer baldintza bete behar dira partaide izateko?

Partaideak bi multzotan antolatzen ditugu. Batetik LAGUNTZAILEAK: euskaraz txukun hitz egiten dutenak, naturaltasunez, jariotasunez... bai euskara ama hizkuntza izan dutelako, bai oso ongi ikasi eta egunero praktikatzen dutelako, euskaldunzaharra zein euskaldunberri izan.

Bestetik MINTZAKIDEAK: euskaltegi edo ikastetxeetan ikasi dutenak; ikasi baina ahaztua, herdoildua dutenak; euskara hobetu nahi dutenak; orain ikasten ari direnak ... Programa hau denei eskaintzen diegu.

Talde bakoitzean laguntzaile bat eta hiru mintzakide egoten dira.

Partaideek bete behar duten baldintza bakarra da euskaraz komunikatzeko gai izatea. Ez dituzte Euskaltzaindiako arau guztiak goitik behera ezagutu behar, ezta gutxiagorik ere, ez laguntzaileak, ezta mintzakideak ere.

Beraz bi multzo horiek antolatzeko fitxa pasatzen diegu interesa agertu duten guztiei eta bertan jarriko dute euskararekin izan duten harremana, euskara maila, ordutegia (zein ordutan elkartzen ahal diren beste lagunekin) eta zaletasunak, bizipenak, ... Horrekin errazago suertatzen zait niri talde homogeneoak egitea.

Hasieratik funtsezkoa izan da euskalgintza munduan ari diren Iruñerriko hainbat elkarteren sostengua, ezta? Besteren bat interesatuta izanez gero, zer egin beharko luke?Nik uste dut Iruñerriko euskalgintzako eragileen elkarlana abiaraztea izan dela garrantzizkoena. Euskaltegiak, euskara elkarteak eta udaletako euskara teknikariak helburu honen inguruan biltzeak bere fruituak eman eta ematen ditu eta hori mintzakideok eskertu egiten dugu, lan horri esker gauzatu baita egitasmo hau.

Besteren bat interesatua egonez gero, programa azalduko genioke, bere partehartzea eta konpromezua hitzarmen baten bitartez adostuko genuke eta lanari ekingo genioke, sustatzaile edo babesle bezala.

Aldaketarik izanen al da taldeen funtzionamenduan? Bestelako berrikuntzarik?
Iaz ibili genuen formula baliagarria zela iruditu zitzaigun eta horrela baloratu zuten mintzakideek beraiek. Agian talderen bat ttiki xamarra zen eta aurten hori saihestuko dugu, laukoteak lehenetsiko ditugu.

Aurten familia bat baino gehiago animatu da: senar emazteak beren seme alabekin. Hori dudarik gabe aurrera aterako dugu eta jendea animatzen dugu behar dutena eskatzera, uste baino aukera gehiago baitago.

Hasiera hasieratik eskatu diguten beste zerbait bada asteburuetan mendira joateko, paseoak emateko prest dagoen jendea biltzea. Horretan ere ahaleginak egingo ditugu.

Izenik eman gabe inor gelditu izan balitz, zer egin beharko luke parte hartzeko asmorik izanez gero?

Esan bezala izena emateko epea jarri genuen, urriaren 28an bukatzen bada ere kurtsoan zehar ere hurbildu eta apuntatu daiteke jendea. Gure telefono zenbakira deitu: 948 35 57 39; helbide elektronikora idatzi: mintzakide@euskalerria.org edo Atarrabian dugun bulegora joan eta eskatu informazioa: Ribed parkea 1, behean aurkituko naute.