.

.Txotx !
Testua: Ziripot
 

imagen

 

imagen

 

imagen

Hauxe da gure hitz magikoa. Gure taldean (euskarako bigarren mailako A taldean) arratsalde hartan gehien erabili genuen hitza. Hitz euskalduna, euskaldunek sortua.

Euskaldunek sortua eta gure buruetan hagitz sakon sartua arratsalde hartan. Zeinen gustura egon ginen elkarrekin! Ederra izan baitzen elkarrekin eman genuen denbora. Bai horixe!

Ederra denbora eta magikoa hitza: zenbat eta gehiago esan, orduan eta errazago ateratzen zen euskara gure ahoetatik.

Ekuazioa hagitz sinplea izan zen: txotx=sagardoa=euskara. Einstein jakintsuak ere asmatu ez zuena. Gure taldean funtzionatu zuena, alajainena!

Txooooootx esaten zuen batek, eta hitz magikoek duten indarrarekin hantxe txutitzen ginen denak mama goxoa dastatzera. Dastaketaren ondoren iritziak batek eta besteak, hemengoak eta hangoak:

Joserra: niretzat lehena izan da goxoena.
Marta: Bai, zera! Bigarrena da goxoena, ez ezazu dudarik jarri!
MariJose: Niretzat laugarrena da onena, zalantzarik gabe.
Pilar: Nik uste dut Marta zuzen ari dela, bigarrena da goxoena.
Ainhoa: Kaka zaharra! Zortzi- garrena da, begibistan dago.

Eta horrelaxe, poliki-poliki mahaira hurbiltzen ginen, berriro bakailao tortilari heltzeko. Eta hantxe, patxadan, lasai, gustura jaten ari ginela, beste batek esaten zuen: txoooooootx!

Eta tira, txutitu eta kupeletara abiatzen ginen:

Bea: Zein dastatuko dugu orain?
Elena: Ireki ezazu laugarrena.
Monika: Ezta pentsatu ere! Hiru- garrena da ireki behar duzuna.
Joserra: MariJose noiz kenduko duzu jertsea? Nik kentzea nahi al duzu?
MariJose: Utzi bakean Joserra. Hagitz ongi nago jertsearekin, fandango!
Joserra: Hain ederra egonen zinateke jertse hori kenduta ...
MariJose: Bai goxoa sagardoa

Eta horrelaxe eman genuen larunbat eguerdi luze hura. Sagardoaren eragin magikoak lagundurik gure euskara erraz eta goxo ezpainetaratzen zitzaigun gure irakaslearen poza gero eta handiago bihurtuz.

Sagardoa arazorik gabe sartu zen gure barnean eta txotx hitza betirako gelditu zen gure burmuinean, ederki lotua gure buru-mamian. Ez dugu hitza erraz atzenduko, ez horixe!

Eta mahaian jarrita, pentsamendu hauekin bueltaka nenbilela, hitz batek berriro ekarri ninduen errealitatera: txoooooootx!