Ehun urte bete dira aurten Jon Mirande euskal idazlea jaio zenetik. Parisen 1925ean sortua, bere bizialdi laburrean –1972an hil baitzen, 50 urte bete gabe– denbora izan zuen Jon Mirandek euskal literaturari ezinbertzeko ekarpen batzuk egiteko.
Haur besoetakoa nobela da haren testu ospetsuena –baita polemikoena ere–, baina nobelagile ez ezik, Mirande poeta, narraziogile eta itzultzaile ere badugu.
Hala ere, irudipena dugu Jon Mirande ez dela mereziko lukeen bezain ezaguna eta, batez ere, ez dela mereziko lukeen bezain irakurria. Pena da, zeren gauza dezentetan aitzindaria izan baitzen. 50eko hamarkadan, euskara artean katakonbetan zela, euskaraz zernahiz idazteko eskubidea aldarrikatu zuen Mirandek, ozenki aldarrikatu ere. Eta zeregin horretan jarri zen bera, artean euskara –euskara batua– egin gabe zelarik. Guziei ez zitzaien ongi iduritu haren ausardia.
Idazle hori gogoratzeko, erakusketa bat antolatu dugu Hizkuntza Eskolan, martxoaren 31tik maiatzaren 9ra bitarte hirugarren solairuan egonen dena. Eta, Karrikirirekin elkarlanean, ziklo bat –zinema, poesia, mintzaldiak–, haren figura hobeki ezagutzeko. Ziklo horren jarduerak eta datak ezagutu nahi badituzue, hementxe duzue programa. Apiril interesgarria heldu da euskal literatura maite duten guziendako.